HISTORIA

Markinarrek eta Xemeindarrek dantzarako zaletasun handia izan dute betidanik. Artxibategian dauden datu zaharrenek ere horrela izan dela erakusten dute. Karlos V.a Alemaniako enperadore izendatu zutenean, danbolin eta txistuaren soinuarekin batera herrian dantzan egin zela dakigu eta hori da daukagun daturik zaharrena. Aurretik ere dantzan egingo zela argi dago, baina ez dago lekukorik. Hala ere, ordutik aurrera ere markina-xemeindarrek dantzan jarraitu dute.

Aratusteetan, Korpus egunean edo jai nagusietan ere, ezpata dantzak, makil eta uztai okoak dantzatu izan dira herriko plazetan. Xemeinen gainera,mahai-gainekoak egin izan dira, auzokideak mahai inguruan bildurik eta alkatea buru zela. Soka dantzen testigantza ere badago, normalean gazteenek dantzatzen zuten, baina eliz-gizonek eta agintariek egindakoak ere badaude, Markinako zelaiko hariztian eginak. Aita Frai Bartolomek, XIX.mende hasieran dantzarien aurka agertu bazen ere, herriko dantzariek zaletasunari eutsi zioten. Baina, garai horretarako dantza batzuk galdu egin ziren (Korpus egunean eta jai nagusietan egiten zirenak bereziki). Xemeinen ezpata-dantza ere ozta-ozta egiten zen eta gazte talde batek, ikerketa lan sendoen ondorioz, berreskuratzea lortuz zuen. Gerra zibilaren garaian, ordea, debekuak medio, dantzan egiteari utzi zitzaion. Guda ostean, Segundo Olaeta musikariak «Artibai» taldea sortu zuen eta San Miguel ezpata dantza berriztatu bat plazaratu zuen. Baina, Olaetak Markinatik alde egitean desagertu egin zen dantza talde hau.

Urte batzuk geroago, Arretxinagako ezpata dantza berreskuratu zuten Agustin Ugartetxea, Juanito Onaindia eta Bernardino Larruskainen laguntzaz. Arretxinagako Mikel Deuna dantza taldea sortu eta urte batzuetan zehar dantzatu zuten.

Hala ere, azken 50 urteetan Zerutxu dantza taldeak hartu du dantza zaletasun honen lekukoa. Zerutxu ikastola bezala sortu zen, baina ikastola horren baitan dantzak ere erakusten ziren, Euskal Herriko zein udalerriko ohiturekin batera. Zerutxu dantza taldeko haurrak nagusitu ahala, indarra hartzen joan zen taldea, nazioarteko folklore jaialdietan parte hartzera heldu arte. Felipe Amutxastegi izan zen azken urteetan  taldearen arduradun. 

Gaur egun, bertan dantzariak izan diren gazte taldeak hartu du Zerutxuren ardura, hainbat dira honetan sinisten eta erakusteko prest daudenak. Eta hemen hasten da Zerutxuren garai berria. Tradiziotik modernitatera.